Otxandioren Sorrera
Otxandiok 1236 eta 1254 urteen bitartean jaso zuen hiri-gutuna, eta 1304an foruen bidez gobernatzeko baimena Marañonen, Lopez Diaz de Haro jaunaren eskutik. Horrela, hiribilduen sorrera-prozesuaren parte izan zen. Otxandioren sorrerak helburu argia du: goi-lautadaren eta kantabriar kostaldearen arteko trafikoa bermatuko duen nukleoa sortzea. Erdi Aroan, Otxandio-Durango-Bilbo-Bermeo errepidea komunikazio-biderik garrantzitsuenetarikoa bihurtu zen.
Lanaren zatiketarekin, gizarte talde berriak sortu ziren (eskulangileak, zamaltzainak, merkatariak); era berean, izen handiko etxe nobleak egin ziren errentak handitzeko asmoz. Baina jarduera ekonomiko berrien sorrerak horien kontrola lortzeko borrokak eragin zituen XIV. eta XV. mendeetan, aurkako nobleen artean. Era berean, gizarte urbanoa eta noblezia urbanoaren arteko liskarrak sortu ziren.
Liskar horiekin batera, beste bat sortu zen: Aramaio eta Otxandioko jurisdikzioen artean kokatzen den lurraldeari zegokiona, “Limitadua” deitu izan zaiona; Udal biek aldarrikatzen zuten lurralde haren jabetza. 1457ko ekainaren 2an, Elvira de Leiva andereak (Juan Alfonso de Múgica Aramaioko jaunaren amak) eta Otxandioko Udalak, adostasunez, eskritura bat egin zuten ordura artekoak bezalako eztabaidak eta auziak saihesteko. Eskritura hartan, Otxandioko Udalari lurraldearen erabilera eta ustiapena onartu zitzaion, inongo kanon, zentsu edo pentsiorik eman beharrik gabe Aramaioko jaunari. Aramaiok ez zuen parte hartu elkarganatze eskrituran, eta eskritura hura Konde jaunak eta Otxandioko Udalak sinatu zuten.
Baina XVI. mendean borrokek bere hartan jarraitzen zuten, belardien ustiaketagatik. XVI. eta XVII. mendeetan Otxandiok belardi-mankomunitatea lortu zuen Aramaio, Dima, Zeanuri eta Arabako Legutioko herriekin elkarturik. Belardien arazoa konponduta zegoen. Dena dela, beste arazo bat sortu zen: egur-baliabideen kontrola “Limitaduan”. 1663ko urtarrilaren 16ko sententzia baten bidez, “Limitaduko” ustiapena Otxandiori eman zitzaion, lur horien kontrolarekin batera. Ondorioz, herriaren garapen ekonomikoa ahalbidetuko zuten baliabideen ustiapena bermatuta geratu zen; garapen ekonomiko hartan, burdinaren manufaktura bihurtu zen jarduera ekonomiko nagusia.
XVIII. mendean irregulartasunak gertatu ziren; izan ere, manufakturak garai oparoak bizi zituen. Horrek energia kontsumoa haztea ekarri zuen, eta ondorioz, basoaren ustiaketa intentsiboa. Mende azkenerako bistakoak ziren deforestazio-prozesuaren ondorioak. XIX. mendean, baliabideak agortuz zihoazen, eta ekonomia tradizionalaren krisialdia etorri zen. Krisialdi horren beste eragile bat Udal ogasunaren zailtasunak izan ziren, Independentziaren gerraren ondorioz. Udalerria ez zen egokitu errealitate industrial berrira (sutegien ekoizpen- eta teknologia-birmoldaketaren bidez edo), eta ez egokitzeak saihestezin egin zuen krisia XIX. mendean. Horren ondoriorik garrantzitsuena jendearen migrazioa izan zen industria kapitalista sortzen ari zen hirietara.
Manufaktura tradizionalaren gainbeherak nekazaritza suspertzea ekarri zuen. Baina industrializazio garaian baserrira bueltatzeak ez zuen lortuko Udalerria berreskuratzea. Berreskuratzekotan, garai berrietara egokitu beharko zen. XIX. mendearen bigarren zatian trenbidearen aroa hasi zen. Hori zela eta, Gasteizekiko komunikabideak hobetzeko beharra azaldu zuen korporazioak; izan ere, Gasteiz merkatu garrantzitsua zen Otxandioren industria ekoizpenerako. Baina 1860an egindako planak ez zuen aurrera egin. Galdu egin zen Gasteizekin komunikabide arin, merke eta on bat edukitzeko aukera, eta horrek zaildu egin zuen industriaren berreskuratzea.
1920ko hamarkadan hasitako berreskurapena 1920 eta 1930 urteen bitarteko hazkunde demografikoan islatzen da. Baina Udalerriaren benetako berreskurapena 70eko hamarkadan hasi zen; izan ere, industria indartzeak Otxandion enpresa berriak sortzea ekarri zuen, XIX. mendearen bigarren erdialdean hasitako dekadentziari amaiera emanez. Susperraldi horren parean, gaur egunera arteko hazkunde demografiko geldo baina etengabea dago.
Gaur egun Otxandio nukleo industriala da, tailer itxurako instalazioak dituena; tailer horiek makina elektrikoen, erreminta-makina eta transformatu metalikoen sektoreetan dihardute.




