Ola Gizonak

Bizkaia eta burdina
Bizkaiko burdingaiaren ustiapena oso goiz hasi zen historian. Plinio naturalistak jadanik aipatzen zuen Kantauri itsasoko ertzean zegoen burdinazko mendi bat. Mendi hau, historialariek Trianoko Mendia zela uste dute.
Egia esanda, Bizkaian baldintza oso egokiak zeuden mineral hau ustiatzeko: Alde batetik minerala ugari eta kalitate onekoa zelako. Bestaldetik, hostozabalen baso (pagadi eta harizti) pilo bat zeudelako, eta garai horretan egurra ezinbestekoa zen ikatza sortzeko eta horrela burdina urtu ahal izateko.
Eta azkenik, gabi eta hauspoak mugitzeko behar ziren ur korronteak oso ugariak zirelako.
Hasiera batean olak mendietan ezarri ziren, basoetatik gertu egoteko. Baino XV. mendetik aurrera, indar hidraulikoa erabiltzen hasi zenean, ibai ertzetara pasatu ziren.
Bizkaian ekoizten ziren produktuak, Europa mailan oso ezagunak izan ziren beren kalitate onagatik. Hortaz, William Shakespearek idatzitako obra famatu batean “bilbaos” (bilboes) aipatzen du, marinel matxinatuak zigortzeko erabiltzen ziren girgiluei egokituta.
Hala ere, XVIII. mendearen amaieran Bizkaiko ospe handia deuseztatu egin zen siderurgi tradizionala krisi batean sartu zenean, krisi horretatik berritze teknologiko baten bitartez atera ahal izango zuen bakarrik.
XIX. mendetik aurrera Bizkaiak, bere mendietako burdinaren eskutik, eraldaketa izugarria jasan zuen politikan, ekonomian eta gizarte mailan.
Otxandio eta burdina
Otxandioko historia ere burdingaiaren ustiapenarekin lotuta egon da bere hasieratik. Erdi Aroan jadanik ezaguna ziren bere olak.
Baina Otxandioko ekoizpena desberdina zen Euskal Herri osoan egiten zenarekin konparatuz. Hemen ez ziren burdin hagak bakarrik ekoizten baizik eta artisau-lana egiten zen beste produktu batzuk sortuz. Iltze eta ferrak nagusiki. Kolonen itsasontziek Otxandioko iltzeak omen zeuzkaten.
Ezberdintasun honen arrazoia, herriaren kokapen estrategikoa da. Kantauri itsasoko portuak eta Gaztela lotzen zuen errepidea zegoenez, industrian sortutako produktu guztiak Gaztelako merkataritzara zuzenduta zeuden Gasteiztik pasatuta, non halako produktuak oso preziatuak ziren.
Ekoizpen mota hau zela eta Otxandion behar zen burdingaien kopurua oso altua zen, eta Bizkaiko beste puntuetatik ekartzen behartuta zeuden.
XVI. eta XVII. mendetan zehar, jarduera ekonomiko nagusiena, merkataritzaz gain, burdinaren manufaktura zen.
XVII. mendearen amaieran burdina ijetziaren prezioak igo ziren nabarmenki, eta udalak parte hartu behar izan zuen artekarien gehiegikeriak suntsitzeko. Horretarako, burdinaren merkataritzari zegokion udaleko arauak aldatu behar izan zuten. Dena den, artekarien kontra ez ziren neurriak hartu.
XVIII. mendean iltze eta ferrak ekoizteko sutegi ugari zeuden Otxandion, beste fabrika batzuetako burdina behar zutenak. 40ko hamarkadaren bigarren partean, iltze eta ferrak egiteko 80 sutegi zeuden eta beste bi sarrailak egiteko.
Fabrika hauek herriko famili nagusien eskuetan egoten ziren, batzuk fabrika bat baino gehiago zeukatelarik.
Hala ere, 60ko hamarkadan, fabrika moderno eta tradizionalen arteko bizikidetasuna pitzatzen hasi zen.
Mendearen bigarren erdian berriro burdina ijetziaren prezioa igo zen, lamina hauek ekoizten zuten fabriken arteko akordio baten ondorioz.
Gainera fabrika hauen instalazioetan burdina lantzeko sutegiak ezarri ziren, artisau-produktuak eta zenbait kasuetan langileak ere berenganatuz.
Iltze eta ferrak egiteko ez zenez aldaketa teknikorik gertatu, eta era berean ekoizten jarraitu zenez, kasu gehienetan eskulan berdina behar zen. Horrela, Otxandioko koadrila espezializatu askok alde egin zuten fabrika hauek zeuden guneetara, esateko Boluetara.
Fabrika siderurgiko berri hauen helburua iltze eta ferren ekoizpena eta banaketa kontrolatzea zen. Produktu hauen eskaera oso handia baitzen.
XIX. mendearen hasieran, Otxandion 60 sutegi eta burdinola bat zeuden, burdin kantitate handia kontsumitzen zutenak.
Mende honetan zehar Bizkaiko burdingintzan krisialdi bat egon zen, baino Otxandiori mendearen bigarren erdira arte ez zitzaion eragin, ekoizpenean bere espezializazio handiagatik
Mende honetako 60ko hamarkadan, herriko hainbat sutegi ixten hasten dira, ezin baitzuten teknologia berriekin lehiatu.
Honen ondorioz, migrazio prozesu handi bat egon zen. Lanpostuak galduta, langileek gastuei aurre egin ezinda beste toki batzuetara alde egin beharrean aurkitu ziren. Gelditu zirenek, berriz, nekazaritzari ekin zioten. Herritarrentzako oso une latzak izan ziren.
Bestaldetik, kapitalista sistemari egokitutako fabrika berriak sortzen ere saiatu ziren. Adibidez, krisiaren hasieran herrian sortu zen lehenengo industria konpainia “Maidagan-Ocerin y Cía.
Nahiz eta saiakera hauek egin industrializazio prozesua ez zen nahikoa izan, kontutan hartuta trenaren etorrerarekin Gaztela eta Kantauriko portuak lotzen zituen errepidea zaharkituta gelditu zela.
Hala ere, aipatu behar dira Remigio Lopez de Heredia eta, ondoren, Juan Ignacio Vicinay´ren fabrikak, herriko ekonomiarako oso garrantzitsuak izan zirelako.
Baina, XX. mendearen bigarren erdira arte ez zen gauzatu benetako errekuperazioa, herriko industria eta demografia mailan.




