Hasiera

Limitadua

Otxandiarrek XV. mendeaz geroztik beren auzokideak diren Aramaioarrekin duten muga-gatazka historikoa gaurdaino iritsi da. Oso zaila da ziurtatzea nongoa zen, jatorriz, Otxandio eta Oleta (Araba) artean kokaturik dagoen 500 hektareako lurralde hau.

Limitaduaren gatazka ulertzeko, sortu zeneko garaia aipatu behar dugu. Garai hartan, Otxandiok oso hazkunde nabarmena izan zuen komertzioari esker. Hori zela eta, bere lurraldea handitzeko beharra izan zuen.

Bestalde, egurraren eskaria ere gero eta handiagoa zen; egurra ezinbestekoa zen eraikuntzan nahiz burdinoletan, eta abereentzako zein etxeetan erabiltzeko ere egurra behar zen. Hala ere, Otxandioko lurren hedadura txikia zenez, ez zuen apenas basorik ezta egurrik eskura. Aramaioko lurraldea askoz zabalagoa zen.

Zenbait historiagileren arabera, Kondekua (Limitadua izenez ezagutzen dena) Erdi Aroan Aramaioko kondeak Otxandiori kendutako lurrak dira.

Udal biek aldarrikatzen zuten lurralde haren jabetza. 1457ko ekainaren 2an, Elvira de Leiva andereak (Juan Alfonso de Múgica Aramaioko jaunaren amak) eta Otxandioko Udalak, adostasunez, eskritura bat egin zuten ordura artekoak bezalako eztabaidak eta auziak saihesteko. Eskritura hartan, Otxandioko Udalari lurraldearen erabilera eta ustiapena onartu zitzaion, inongo kanon, zentsu edo pentsiorik eman beharrik gabe Aramaioko jaunari.

Aramaiok ez zuen parte hartu elkarganatze eskrituran, eta eskritura hura Konde jaunak eta Otxandioko Udalak sinatu zuten.

Garai hartatik gaur egunera arte gatazkan jarraitu dute bi herriek. Konponbideak bilatzeko hainbat saiakera egin dira; XVI. eta XVII. mendeetan zehar, esaterako, Valladolideko kantzelariak eta Bizkaiko epaile nagusiak esku hartu behar izan zuten bi herrien arteko liskarrak baretzeko.

XVIII. mendetik aurrera (1754an) Otxandion gaurdaino ailegatu den ohitura ezarri zen, “Basabisitta” egitea, alegia, muga-puntuen bisita. Otxandiarrek, berena defendatu nahian, urtero-urtero egiten dute bisita hau (irailean), jai giroan.

XIX. mendean, gatazka honen konponketaren zailtasunak ikusita, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek, Udalekin batera, arbitraje bilera batera joatea erabaki zuten, Gipuzkoako Foru Aldundia bitartekari gisa jarrita.

XX. mendearen hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Berariazko Batzordea ezarri zuen, gatazka historiko hau konpontzeko. Batzorde honek eskumena Aramaio herriari ematea erabaki zuen. Baina, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zuen onartu Batzorde honek hartutako erabakia, eta argudiatu zuen Batzordeak ez zuela hitzartutako prozedura jarraitu.

XX. mende bukaeran, jurisdikziorik ezagatik, gatazka larritu egin zen, eta arazo berriak sortu ziren ondasun higiezinen gaineko zerga-bilketan, hirigintza-eskumenean, eremu honetan ezartzen ziren etxeen jabego-erregistroan…

Hori dela eta, Arartekoaren bitartekaritzaz adostasunerako proposamen bat luzatu zen; bertan Limitadua bi zati berdinetan zatitzen zen, erdia Aramaiorentzat eta beste erdia Otxandiorentzat.

Baina arazoak berdin jarraitzen du behin behineko soluzio barik, Araba eta Bizkaiko muga denez, egungo legediaz, estatuaren esku dago soilik auzia konpontzeko ahalmena. 

Gainera, gaur egun udal zerbitzu eta kirol instalazio gehienak Limitaduan daude, Otxandioko hirigunean guztiz integratuta.