Hasiera

Andikonako Bonbardaketa

Gerra zibila hasi zen arte, Otxandioko giro politikoa oso lasaia zen. XX. mendearen hasieratik, herrian indar politiko ezberdinak alde berean zeuden, alde batetik karlistak, nazionalistak eta herrian hainbat fabrika zeudenez, ezkerrekoak bazeuden ere (UGT eta Espainiako Alderdi Komunistakoak). 

Baina gerra hasi zenetik eta bere kokapena estrategikoa zela eta, Otxandiok paper nabarmena izan zuen. Alde batetik, Bizkaiko defentsarako funtsezko puntua zelako eta era berean, altxatutako tropeen kontra jotzeko Araban. Bestaldetik ere, altxatu berria zen armada falangistarentzat, erasotzeko helbururik garrantzitsuenetariko bat bilakatu zen, Bizkaian sartzeko funtsezkoa baitzen Otxandio.

Uztalaren 18an, herrian Santamaña jaiak ospatzen zeudelarik, Penintsulako hainbat hiriburuetan egondako altxamenduaren lehenengo berriak heldu ziren. Hiriburu hauen artean, Iruñea eta Gasteiz zeuden. Bilbon altxamendua ez zen aurrera eraman eta Donostia egoera nahasi batean zegoen.

Bilbotik zutabe armatu bat heldu zen Uztailaren 20an, altxatuen aurreraldia geldiarazteko asmoz. Zutabe hau, Santamaria kapitainaren agindupean, Garellanoko soldadu eta boluntario ezkertiar zein jeltzalez osaturik zegoen.

Otxandiora heltzerakoan, Santa Marina elizan kokatu ziren.

21an, soldadu gehiago heldu ziren,  Joaquin Vidal Munarriz Infanteriako teniente koronelaren agindupean. Haietariko batzuk Ubidera abiatu ziren, pasabide hori defendatzera.

Bitartean, armada falangista Legutiorako bidean zegoen, Ortiz de Zarate koronela eta Mario Torres Rigal guardia zibilaren teniente koronelaren agindupean. Armada hau falangista eta erreketez osaturik zegoen. Baina gau horretan bertan Gasteizera itzuli ziren hiria defenditzera, oraindik ez baitzegoen erabat kontrolatuta.

Hurrengo eguna, Uztailaren 22a, Otxandioko historian egunik tragikoena bezala gogoratuko da. Herriko jaiak ziren, herria, bereziki Andikona Plaza, jendez gainezka zegoen (miliziano, soldadu eta zibilez), Logroñotik zetozen bi hegazkinek (bi Breguet XIX) zerua zeharkatu zutenean, eskarpeletan bandera errepublikarrak zituztelarik.

Bandera hauek ikusita, jendeak ez zuen aintzakotzat hartu, eta haien zereginetan jarraitu zuten: umeek jolasetan,  emakemeek beharretan eta soldadu zein pertsona nagusiek hegazkinei begira.

Hegazkinak objektuak jaurtitzen hastea ere ez zuten aintzat hartu, panfletuak, karameluak edo halako zeozer izango zela zeuden. Hau zela eta ez ziren mugitu. Baino tragedia laster hasiko zen Otxandion, zeren eta hegazkinek bota zutenak hiruzpalau kiloko bonbak besterik ez ziren.

Andikona plazan 57 hil eta kolpatu ugari egon ziren, gehienak umeak.

Kontutan hartu behar da, hau, armada frankistak zibilen kontrako egin zuen lehenengo erasoa izan zela. Hori zela eta, herritarrek ez zuten halakorik espero. Bonbardaketa honen ondoren, Durangokoa, Gernikakoa eta abarrekoak etorri ziren.  

Arratsalde horretan, beste hegazkin bat zeharkatu zuen Otxandioko zerua, baino oraingo honetan, bere helburua ez zen hiribildua izan, Bilbo baizik. Mola jeneralak sinatutako aldarrikapenak bota zituen, zeinetan herritar eta agintariei errenditzeko gonbita egiten zieten.

Hortik aurrera, egoera gero eta txarragoa bilakatu zen eta herritar askok alde egin zuen, gerra-frontetik urruntzeko asmoz. Alde batetik, Otxandion janariak urritzen ari zirelako eta bestaldetik, Mola jeneralaren tropak, Gipuzkoa menperatu eta Arlaban portua hartu ondoren, hurbiltzen ari zirelako.

Herrian berton, altxamendu frankistaren aldeko hainbat auzokide atxilotu zituzten, baina hiru egunetan askatu ere. Hala ere Francoren aldekoei herritik ateratzea debekatu zieten beste herritarren kontra ez erasotzeko.   

Luzaroan herriak frontean jarraitu zuen. Eta zonalde hau defendatzera batailoi asko   etorri ziren, haien artean “Azaña de Vizcaya”, “Dragones”, “Larrañaga”,  “Ibaizabal”, “Loyola”,  “MAOC-2 Gipuzkoa”, “ANV nº2”, “Rebelión de la Sal”, “Abellaneda” “Meabe 2”.

1937.ko hasieran, Alejandro Goikoetxea Omar errebeldeen bandora desertatu zuen, berarekin Bizkaiko defentsarako oso baliotsuak ziren dokumentuak zeramatzala: Bizkaiko babes-sistemaren 32 orri. Horien artean Otxandioko frontearen babes sistema ere agertzen zen.

Martxoaren 31n, Mola jeneralak Bizkaiaren kontrako erasoa jo zuen, Iparraldeko frontea suntsitzeko asmoz. Fronte hau Otxandio eta Ondarrutik, Asturiasera zabaltzen zen.

Nafarroako Brigadetako karlistak izan ziren eraso honen arduradunak. Legutio eta Leniz aranetik abiatuta, artilleria eta hegazkin ugari zeukatela.  

Tropa hauek oso denbora gutxi behar izan zuten, Bizkaia defendatzen zuen euskal armadaren tropen posizioak suntsitzeko. Garai horretan, Otxandio “Mekoleta” izeneko lerroak babestuta zegoen, Motxotegi eta Mirugain punturik nagusienak zirelarik.

Egun honetan bertan, Otxandioko aldeak, eta herritarrek eraso gogorrak pairatu zituzten. Zeinetan armamentu ugari erabili ziren (bonbak, metrailadoreak...)

Apirilaren 1 eta 2.egunean, tropa frankistek Otxandiorantz aurrera egiten jarraitu zuten. Agirre Lehendakaria herrira abiatu zen miliziei bost egun gehiago eusteko eskatzera.  Epe horretan espero baitzen Madrilgo Gobernuak bidalitako 150 hegazkinen laguntza izatea. Baina hegazkin horiek inoiz ez ziren Euskadira heldu.

Hilak 3an Euskadiko tropek kontraerasoak egin arren, Martxoaren 4a Otxandioko historian egun tragikotzat hartuko da. Egun horretan, armada frankistek herria eta San Bernabe ermita okupatu baitzuten. Herrira sartzean oso jende gutxi gelditzen zen bertan, zibilak ebakuatuak izan zirelarik.

Otxandioko okupazioa oso arina izan zen. Horretarako, armada frankistek etengabean bonbardatu zuen herria eta ingurua, hegazkin askoren laguntzaz. G.L. Steer, kazetariaren aburuz, eguerditik  arratsaldeko 5ak arte, 40 inguru hegazkin egon ziren herria bonbardatzen. Noizbait 55 hegazkin egon ziren, Gasteizen txandakatzen zirelarik. Egun honetan 450 miliziano eta gudari hil ziren, 400 atxilotu zituzten eta ahal izan zutenek Urkiola, Barazar eta Zumeltzara ihes egin zuten, berriro biltzeko asmoz.

Hortik aurrera Otxandioko boterea frankisten eskuetan egon zen, eta horren ondorioz, neke berriak jasan behar izan zituzten otxandiarrek: atxiloketak, gatibu-lanak, erbestea... Aske gelditu zirenek: isun arbitrarioak, gosea, euskaraz mintzatzeko debekua, zentsura, ...

Umeek ere okupazio honen ondorioak pairatu behar izan zuten, Bilbo eta beste herriak bonbardatuko zuten beldurragatik hainbat ume eraman zituzten atzerrira: Frantziara, Ingalaterrara, Belgikara...

Hainbeste oinaze eta atsekabe sufritu arren Otxandio herriak bere nortasuna zintzoki gorde izan du. 

Gaur egun, oraindik 1936.eko zibilen kontrako bonbardaketetatik bizirik ateratako lagunek herriko memoria berreskuratu eta bizirik mantentzeko aukera ematen digute.